Directory

Wiki - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Wiki

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Wikien aplikazioa irakaskuntzan erakusten duen adimen mapa.

Wikia web aplikazio mota bat da, erabiltzaileei lankidetzan, elkarlanean, edukiak gehitzeko, aldatzeko edo ezabatzeko aukera ematen diena. Markaketa lengoaia sinplifikatua edo testu aberastuaren editore bat erabiliz idatzi ohi da testua.[1][2] Bloga bezala, edukia kudeatzeko sistema bat da; baina wiki batean —blogetan eta halako gainerako sistema gehienetan ez bezala— jabe edo buruzagi zehatzik gabe sortzen da edukia, eta wikiek ez dute egitura inplizitu askorik, baizik eta erabiltzaileen beharren gorabeheran sortuz doa egitura.[2] Izena hawaiierazko wikiwiki adberbiotik dator («laster», «bizkor» esan nahi du) eta [ˈwiki] edo [ˈviki] ahoskatzen da.

Teknologia konplexuena ere erabilita, teknologia ikusezinaren froga da wikia; halaber, Web 2.0 plataforman oinarrituta, web-orri bildumak sortzean zailtasunak saihesteko adibide garbia. Horretarako, erabiltzaileek berek sortu duten marka hizkuntza sinple bat erabiliz zera egin dezakete:

  • gai bat erraz garatu,
  • garapen horren ibilbidea gorde,
  • egin diren edizioak pauso zehatz batera itzuli,
  • gaien arteko lotura erraztu,
  • ia aldi berean argitaratu.

Dena den, definizioan bi termino bereizi behar genituzke: bata, wiki-orria, bilduma baten ale bat dena; bestea, wikia, bilduma bera.

Ward Cunningham, wikiaren asmatzailea.

1994an, Ward Cunninghamek lehen wiki softwarea (WikiWikiWeb) asmatu eta 1995eko martxoaren 25ean Interneteko zerbitzari batean martxan jarri zuen.

2001ean, Jimmy Walesek eta Larry Sangerrek MediaWiki softwarea sortu zuten. MediaWikik, gero, Wikipedia bera gauzatzea bideratuko zuen.

Wikiak ez daude hizkuntza guztietan berdin garatuta: Wikipediak, esate baterako, ingelesezko bertsioan 5.327,659 sarrera ditu; frantsesezkoan, 1.831.742; gaztelaniazkoan, 1.307.480; eta euskarazkoan, berriz, 369.738 (2021ko urtarrilaren 29eko kontsulta). Datu eguneratuak jakin nahi izanez gero, WikiMedian dituzu, ingelesez.

Wiki plataforma batek web-orriak sortzeko ematen dituen erraztasunen artean honako hauek aipatuko ditugu: interfaze sotila, aise menderatzen dena; erabiltzaileei ematen dien askatasuna; editatu ahala argitaratzeko bat-batekotasuna; edukiak garatzeko abiadura eta erosotasuna; web-orriak eguneratzeko eta eraldatzeko erraztasuna. Hori guztia kontuan harturik, erraz ulertzen da wikien arrakasta.

Bereziki hiru aipa daitezke: lehena, auzolana, nabigatzaile baten bidez, wiki testua erabilita, jakinduria partekatzeko aukera paregabea; bigarrena, irekiera: askotan erregistratu gabe ere wiki-orriak edita daitezke; eta hirugarrena, erabiltzaileenganako konfiantza.

Hiruroi beste ezaugarri batzuk erants dakizkieke: ediziorako erraztasunak, estandar bat erabiltzeko joera, web-orriak amaraunean lotzeko aisetasuna, bilaketen sakontasuna eta aldaketen kontrola.

Edizio erraztasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zertan datza erraztasuna? Wiki baten web-orri bakoitzeko aldi berean hiru ale sortzean datza:

  • Iturburu-kodean eratzen dena, gero erabiltzaileak berak edita dezakeena.
  • Txantiloia, sortuko diren wiki-orrien eredua dena eta edukien itxuraren aldaketa eskura jarriko duena.
  • Nabigatzaileak, eskatu ahala, eskaintzen duena.

Wikipedian parte hartu nahi baduzu, hona hemen edizioa errazten duen tutorial txiki bat

Estandar bat erabiltzeko joera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera batean, WikiWikiWeb sintaxiak estandarraren funtzioa bete zuen; orain, wiki motorren arabera, hainbat aukera daude. Garatuenek, esate baterako, taulak, txantiloiak, irudiak, formula eta elementu elkarreragileak erabiltzea ahalbidetzen dituzte. TikiWikia horren adibide da.

Web-orriak amaraunean lotzeko aisetasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikiek hipertestuak sortzera bultzatzen dute; hori dela eta, wiki bateko web orri bakoitzean bertan beste webetara bideratzen dituzten hainbat esteka aurki daitezke. Testua goitik behera irakurtzea badaiteke ere, ez da beharrezkoa izaten: loturaren baten gainean klik egitean, norberak bere interesaren arabera komeni zaion irakurketa ibilbidea aukeratuko du. Hori guztia errazteko, lotura-eredu bat erabiltzen da.

Bilaketen sakontasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wiki guztiek bilaketa-zerbitzua dute; dena den, bilaketaren sakontasuna wiki bakoitzaren barruko antolaketan datza: datu base garatua du, wikiek bilaketa garatzen dute, web-orrien izenburuetan ez ezik, web-orri horien testuetan zehar ere.

Aldaketen kontrola

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehentasuna edizioari ematen zaio. Ikusi dugunez, ezaugarri nagusia irekiera da; horren ondorioz, beharrezkoa izaten da erraztasun hartatik sortzen diren web orrien aldaketak kontrolatzea: hori helburu izanik, web-orri bat sortzen denean, automatikoki aldaketa web-orria sortzen da, nork aldatu duen eta zer aztertzea ahalbidetzen duena. Era horretan, ados ez bagaude, aurreko bertsio batera (ondo zegoen batera, alegia) itzultzea beti eskura daukagu, gaizki dagoena ezabatuz.

Wiki-eredua zein den, edozein erabiltzaileren esku dago zuzentzea; bestela, wiki-sarrera baten aldaketak iragazteko ardura hartzen duen bibliotekariek bereziki gauzatuko dute.

Horixe da txikizioen aurkako neurririk zorrotzena. Zer dela eta zuzentzeko premia hori? Hain justu, wikiaren indarrean datza haren ahulezia: bertan lehentasuna edizio libreari ematen zaionez, ondorio gisa, gutxitan bada ere, haren konfiantza eta askatasuna baliatuz, erabilera okerra egiteari bandalismoa deitzen zaio. Zenbait kasutan, gaiarengatik berarengatik edo erabiltzailearen jarrerarengatik, zenbait wiki sarreratan okerreko erabilera egiten da:

  • edukien zati handia ezabatuz,
  • okerren bat aurretik argitaratu den testu batean gehituz,
  • baieztapen subjektibo eztabaidagarriak txertatuz,
  • arauei jaramonik egin gabe,
  • spam-a bertaratuz,
  • bilatzaileetako postuetan lehengoratzeko asmoko informazioak: aipamenak, estekak... sartuz,
  • norberaren produktuak edo ideiak inposatuz,
  • egile-eskubideei muzin eginda, besteren informazioa erabiliz.

Horrelako bandalismoaren aurka, badago nola erantzun:

  • aldatu den web orria lehenengora itzuliz, asmo txarreko aldatzailea aspertu arte,
  • ez-bidezko erabilera egiten dutenen IP helbidea blokeatuz,
  • oker aldatzen ari den web orria blokeatuz, haren edizioa galarazteko,
  • aldaketak egin aurretik, erregistratzeko baldintza betearaziz.

MySQL-en datu base batean oinarrituta eta Perl edo PHP-en /scripts/-en bidez gehienak eraikiak badira ere, wiki mota bat baino gehiago daude:

  • helburua kontuan izanda, norberaren erabilpenerako wikia, intranet batean lan egiteko edo webgune batean aritzeko baliabidea,
  • erabilgarritasuna kontuan izanda, ordea, web-orri berri bat gordetzean, hainbat aukera eskain ditzakeen wikia: aldaketaren bat egitean, erabilera jatorra egiten ote den kontrolatzean, edo fitxategi bat gora bidaltzeko aukera, edo WYSIWYG ("What You See Is What You Get") editatzean eskaintzen dituztenak.

Erabiltzen direnen artean, hauexek aipatu behar dira:

DokuWiki: TXT fitxategiak erabiliz eta datu baserik gabe, PHP hizkuntzan idatzi den wiki garatua, euskaraturik.Deskargatu.
FosWiki: Perl gainean idatzita (GNU General Public License).
MediaWiki: Wikimediaren proiektu guztietan erabilia, PHPan eta MySQLan oinarritua, hainbat hizkuntzatan. MediaWikiren itzulpenak Translatewiki proiektuan egiten dira.
MoinMoin: Python-en idatzita dagoen wiki modularra, GPL lizentziapean, Open Source
OpenWiking: ASP-ez programatutako wikia, Copyright © 1999-2009 SourceForge, Inc.
PBworks (lehen, PBwiki): euren wikiaren doako ostalaritza-zerbitzua eskaintzen dute.
PhpWiki: datu base bat baino gehiago erabil dezakeena, UseMod-en gauzatua, Copyright © 1999-2009 SourceForge, Inc.
PmWiki: PmWiki PHP hizkuntzan idatzi zen eta y GPL lizentziapean dago. Hainbat hizkuntzatara itzulita.
TikiWiki: erabat ondo garatua dagoen wiki bat, PHPa eta MySQLa erabiliz, CMS oso bat eratzen duena, katalanez ere bai.
TiddlyWiki, agenda digitala TiddlyWiki. Copyright © UnaMesa
UseModWiki: denen artean zaharrena (Wikipediak erabili zuen lehen urtean, sorreratik 2002ko azarora arte), Perl-ez egindakoa,
WackoWiki: WackoWiki-an oinarrituta dagoen wiki arina, PHPa eta MySQLa erabiltzen dituena, BSD lizentziapean, hainbat hizkuntzatan
wiki.com. Doako zerbitzua eskaintzen du. Copyright © baten menpe.
WikkaWiki: WakkaWiki-an oinarrituta dagoen wiki arina, PHPa eta MySQLa erabiltzen dituena, munduko hainbat hizkuntzatara itzultzeko prozesuan
Xwiki, XWikiko softwarea Javarekin egin da LGPL lizentziapean. CC Aitortu 1.0 Generikoa ere agertzen da

Zerrenda askoz luzeagoa izan liteke; dena dela, komenigarria izango litzateke bereiztea zer den wiki baten plataforma, (Comparison of wiki farms) eta zer wiki baten kodea (Comparison of wiki software) Wikien artean zer desberdintasun dauden jakin izanez gero, WikiMatrix da hori ahalbidetuko duen web zerbitzua: hona hemen TiddlyWiki eta Wikispaces egindako konparaketa taula.

Wikien estandarren adierazle gisa, ingelesez bada ere, hona hemen wikien zerrenda bat.

Wikia, azken finean, Interneten dagoen aplikazio bat denez, baliagarria izaten da gauza askotarako:

  • Testu edo hipertestu bat elkar lanean sortzeko,
  • Informazioa/ezaguera sortu, aldatu, ezabatu edota partekatzeko,
  • Web orria irudiez eta multimediaz hornitzeko,
  • Estekak erabilita, zeharkako irakurketa eginez, informazio desberdinak lotzeko,
  • Egin diren aldaketen gorabeheren berri izateko,
  • Adostasuna bilatzeko asmoz, argitaratu den informazioari buruzko eztabaidak eskura jartzeko,
  • Informazioa/ezaguera dinamikaz kudeatzeko,
  • RSS-en jarioari esker jarri den edukia erraz zabaltzeko.

Horri esker, ezagueraren bilduma partekatua lortzen da; etengabe osatzen dena erabiltzaileek berek gehitu zein garatu duten informazioari esker gero eta aberatsagoa izango da.

Normalean, wikia produktu burututzat hartzen da, ikerkuntza baten emaitza, sailkatuta ematen den ezaguera, kontsultagarria dagoen jakintza; dena den, oso aberatsa izan daitekeen beste erabilpen bat ere badago: wikia ikasketa prozesu baten oinarri gisan erabiltzea, egin ahala ikasten denaren metodologia. Hori dela eta, wiki bat eraikitzean garatzen diren zenbait trebetasun aipatuko ditugu jarraian:

  • Informazioaren kudeaketa eta trebetasun digitala:
    • informazioa bilatu, aurkitu, aztertu, kudeatu, bereganatu, laburtu, azaldu eta partekatzeko trebetasunak
    • aurreko prozesua aurrera eramateko ezaguera lortzea,
    • hainbat euskarritan gordetzen jakitea,
  • Partaidetzaz eta elkarlanaz sortutako lan gunea gauzatzea,
  • Norabide bakarreko eta mailakatua ez den ikas prozesu bat posiblea egin duen trebetasuna gauzatzea,
  • Ikaste-prozesu bateko eragile guztien artean ezaguera garatzea.

Trebetasun horiek irakaskuntzarekin estuki lotzen badira ere, edozein prozesuri egokitu dakizkioke: lantegi handi batean —autogintzan, esate baterako—, produktu bat ekoizten denean, wiki bat izan daiteke prozesu horretan partaide guztien euskarria, non bakoitzak, bere neurrian, prozesu horretan sakonki menperatzen duen esparrutik prozesukideei eskaintzen dien bere ezaguera. Beste alde batetik, wiki bat, era berean, norberaren proiektuei egokitu dakieke; helburu horretarako wiki aukerarik erabilgarriena TiddlyWiki-arena da: fitxategi bakar batean telefono zenbakiak, nabigazio batean hartu diren apunteak, burutazioak... eskuragarri jartzea erraztuz.

Baliagarritasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plataforma gisan, wikiak arrakasta handia lortzen ari dira, irakaskuntzan bereziki. Zer dela eta? Esan bezala, ikaste/irakaste prozesu baten bilakaera eta wiki baten eraikuntza elkarren parean joan daitezkeelako, batak bestea indartuz. Hona hemen irakaskuntzan wikien erabilera arrakastatsuaren zenbait adibide:

  • Eduwikiak, ikas-prozesu baten bitartekoa:
    • ikaskuntzaren gune birtualak sortzean,
    • ikaskuntza baten baliabide gisan: adibidez, artikulu zientifikoak nola idazten diren lantzeko aitzakian, [Wikipedi | Wikipedian] parte hartu, sarrerak txertaraziz,
    • Interneten norberaren nortasuna nola eraiki eta besteekiko harremanak nola sortu sustatzean,
    • portafolioa, taldearen zein ikasle bakoitzaren apunteen pilaketa egitean,
    • talde-lanean osatu den ikaskuntza prozesu baten euskarria hedatzean,
    • balioen aldarrikapena egitean: esate baterako, auzolanaren balioa geureganatzeko, txikizioen aurka ** Kaxero@Mundua blogean aldarrikatzen den arrastoa jarraituz, zintzotasuna aldarrikatuz.
  • Ikastetxeen baliabide bat, zenbait ekintzaren euskarri:
    • aldizkari digitala,
    • eskolaz kanpoko ekintzak,
    • esperientzien argitalpenak,
    • bitartekoen bildumak,
  • Web gune pertsonalak:
    • irakasleen ezaguera edota baliabideen datu basea antolatzeko,
    • irakasleek ikasleei eskura jarritako bitarteko bilduma errazterako.

Zenbait ostatatze zerbitzu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikiaren ostatatze zerbitzua Prezioa Publizitaterik? Edukien lizentzia
Central Desktop Dohainik / Ordaindu beharrekoa
Confluence Hosted Ordaindu beharrekoa
eTouch SamePage Ordaindu beharrekoa
Ourproject.org Dohainik / Ordaindu beharrekoa Bai / Ez Copyleft (badago aukeratzerik Creative Commons, GNU FDL, eta beste lizentzia batzuen artean)
PBworks Dohainik / Ordaindu beharrekoa Bai / Ez
Socialtext Workspace Hosted Ordaindu beharrekoa Bai / Ez Wikiaren sortzaileek nahi dutena ezar dezakete
TeamWikis Ordaindu beharrekoa Bai / Ez Edozein
Wik.is
Wikia Dohainik Bai / Ez Creative Commons
Wikidot Dohainik / Ordaindu beharrekoa Bai / Ez Lehenetsita: Creative Commons, GNU FDL. Beste lizentzia batzuetara zabalik.
Wikiaren ostatatze zerbitzua Prezioa Publizitatea Edukien lizentzia

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «wiki», Encyclopædia Britannica
  2. a b (Ingelesez) Mitchell, Scott. «Easy Wiki Hosting, Scott Hanselman's blog, and Snagging Screens». MSDN Magazine. 2008ko uztaila.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Wikiak sortzeko guneak, Maite Goñik EuskalJakintzan bilduak.
  • Blog vs Wiki, Maite Goñik Slidesharen igota.
  • Txantiloi hutsik TiddlyWiki erabiltzen hasteko pronto.
  • TiddlyWiki aplikazioaren tutoriala, Gorka Jakobe Palaziok eratuta.
  • Arigea2.0 Web2.0-ari buruzko wiki honetan wikiei buruz garatutako ekarpena.
  • (Ingelesez) wikimatrix Wikiak sortzeko hainbat euskarri konparatzeko tokia. Euskarriak zer lizentziapean dauden, zer hizkuntzatan, noiz berriztatu diren azkeneko aldiz...